GAIAK
EREMUA
Euskal Herria »
DOKUMENTAZIOA
Egileak:

Metodologia

ITURRIAK ETA METODOLOGIA OHARRAK

0. Sarrera
1. Iturriak
2. Lurralde irizpidea
3. Daten irizpidea
4. Kategoriak bateratzeko eragiketak eta kalkuluak


0.  Sarrera

Web-gune honen helburua, egungo estatistika erakunde publikoek eskaintzen dituzten datu isolatuetatik abiatuta sortu ditugun Euskal Herriko estatistikak eskaintzea da.

Horretarako egindako urratsak honela laburbil ditzakegu: estatistika erakunde publikoen ekoizpena aztertzea; iturri horiek guztiek eskaintzen diguten informazio horren bateragarritasuna ikertzea; aldagai ezberdinak elkartzeko kategoriak birdefinitzea; erakunde horien argitalpenetatik informazioa hautatzea; eskaera zehatzak egitea argitalpenetan behar genuen informazioa ez zegoenerako; datuak bateratzea; taula, grafiko eta mapen eratzea.
 
Jardun horretan, jasotako informazioaren aukeraketa eta sailkapena egiterakoan, horrelako ekinbideetan Estatistika Erakunde ofizialek erabiltzen dituzten irizpideak aztertu ditugu. Hauen guztien uztarduraz, eta nazioarteko erakundeen irizpideak lehenetsiz, osatu dugu aurkezten dugun web gunearen egitura.
 
Jarraian, erabilitako iturrien, eta iturri horietatik edan ditugun datuak Euskal Herrira ekartzeko egin ditugun eragiketen eta hartutako erabakien berri ematen dugu Metodologia Ohar hauetan.


1.  Iturriak

1.1.  Iturri nagusia: Euskal Herrian diharduten estatistika erakunde publikoak

Euskal Herriaren egungo antolaketa administratiboa dela eta, bertako lurraldeetan estatistika erakunde publiko ezberdinek egiten dituzte edozein lurralde ezagutzeko ezinbestekoak diren operazio estatistikoak. Horregatik, iturri sakabanatu horietara jo behar izan dugu Euskal Herri osoko datuak lortu ahal izateko. Funtsean, Euskal Herrian diharduten lau estatistika erakunde ofizialetako informazioa erabili dugu:
Era berean, Europako Batasuneko herrialdeen informazioa, Statistical Office of the European Commision-etik (EUROSTAT) eta Nazio Batuen Erakundetik jaso dugu. Azken iturri horretatik jaso dugu, halaber, mundu osoari buruzko datu estatistikoak erabili ditugunean.

Zehatzago, erakunde horien argitalpenak (liburuak, argitalpen elektronikoak eta interneteko web guneak) erabili ditugu. Horrez gain, eskaera zuzenak ere helarazi dizkiegu argitalpen horietan behar genituen datuak aurkitu ez ditugunean.

Zehazki,  aipatu ditugun lau estatistika erakunde horien honako estatistika lanak erabili ditugu:
  • Biztanleri zentsuak, Biztanle Erroldak eta Biztanleriaren Estatistikak
  • Etxebizitzen Estatistika eta Etxebizitzen Zentsua 
  • Biztanleriaren Berezko Mugimenduaren Estatistikak
  • Irakaskuntzaren Estatistikak

1.2.  Bestelako iturriak

Estatistika erakunde ofizialez gain, izaera ofiziala edo bestelakoa duten beste zenbait iturri ere erabili ditugu. Nagusiak, honakoak:
  • Hezkuntzan, hizkuntza ereduei buruzko informazioa lortzeko, irakaskuntzaren estatistikez gain, gobernu erakundeetara jo behar izan dugu datuetan zeuden hutsuneak, ahal zen neurrian, osatzeko. Zehazki, Nafarroa Garaiko Gobernuaren Hezkuntza eta Kultura Departamendura eta Frantziako Estatuko Inspection Académique-ra jo dugu. Horrez gain, hezkuntza alorreko zenbait elkartek emandako informazioa eta gaiaren inguruko bibliografia ere lagungarria gertatu zaigu, denbora serieak egiterakoan eta Unibertsitateaz aritzerakoan gehienbat.

2.  Lurralde irizpidea 

Gure lana egiterakoan, eremuen honako mailaketa erabili dugu:
Eremu horiei buruzko informazioa lortzea lan korapilatsua izan da zenbaitetan, lehen esandako arrazoiengatik batez ere. Azal dezagun orain erabili ditugun lurraldekatze irizpideari buruzko xehetasunik garrantzitsuenak, munduari eta udalerriei izan ezik, gainerako eremuei buruzkoak.
 

2.1.  Europa

Zehazki, honako bi zentzutan erabili dugu Europari buruzko informazioa (taula, grafiko edo mapa bakoitzean zehazten da zein adiera den kasu bakoitzean erabilitakoa):
  • Europako kontinente osoa
  • Europako Batasuneko herrialdeak. Ahal izan den kasu guztietan, egun Europako Batasuneko kide diren 25 herrialdeetako datuak eskaintzen ditugu, nahiz 2000 urtean (lortu dugun azken datuaren urtea) kide ez izan. Kide berri hauek izartxo batekin bereizi ditugu.
Bestalde, Europako Batasuneko herrialdeen artean, Espainiako eta Frantziako estatuetako datuak eskaintzen ditugunean, estatu horiei ez diegu kendu Euskal Herriko daturik. Ondorioz, datu horien barnean estatu horien administraziopean dauden Euskal Herriko lurraldeen datuak ere biltzen dira.

Esan dezagun, azkenik, Europako Batasuneko datuak estatuka eman ditugula, beste aukera batzuk, estaturik gabeko nazioen datuak eskaintzea, adibidez, ezinduta. Hautu horren arrazoia argia da: horrelako datuak lortzea ia ezinezkoa da Europako zenbait nazioren kasuan, eta besteetan, berez konplexua izan den lana izugarri zailtzea ekarriko lukeelako.


2.2.  Euskal Herria

Euskal Herriari buruzko informazioa, gehienetan, lurralde eta udalerrien informazioaren metaketaren bidez lortu dugu. Hauxe izan da, gainera, datuei eman beharreko tratamendua erabaki duen irizpidea; oro har, Euskal Herriko herrialderen bati buruzko informazioa eskuraezina gertatu denean, ez baitugu eskaini ez lurralde horri buruzko informaziorik, ezta Euskal Herri osoari buruzkorik ere.
 
Zenbait kasutan, ezin izan dugu lortu Euskal Herriko udalerri guztiei  buruzko informaziorik. Zehazki, arazoa Trebiño, Argantzun eta Villaverde Turtzioz udalerriekin gertatzen da batik bat, udalerri horien datuak ez baitira Arabako eta Bizkaiko datuekin batera agertzen EUSTAT eta INEren estatistiketan. Horregatik, posible izan dugun kasu guztietan udalerri horiei buruzko informazioa jaso badugu ere, kasu dezentetan ez dugu lortu. Hutsune horien aurrean, metodozko hautu zorrotz batek aginduko luke estatistikak Euskal Herriko udalerri guztietako datuak ditugunean soilik eskaintzea. Erabaki horrek, ordea, izugarri jaitsiko luke bateratu ahal izan ditugun estatistiken kopurua.
 
Gure hautua bestelakoa izan da. Horrela, kasu horietan ohar bat ipiniz, Euskal Herriko datua eskaintzea erabaki dugu. Izan ere, hiru udalerri horietan, eta 2001. urteko datuen arabera, 1.906 biztanle bizi dira, euskal herritar guztien %0,07 besterik ez, eta argi dago hutsune horrek apenas eragingo duela Euskal Herriko orotariko emaitzetan. Beraz, udalerri horiei buruzko informazioa lortu ez dugun kasuetan, Euskal Herriaz eskaintzen diren estatistikek hutsune hori dute.
 
Ohar bera baliagarria da, jaiotzen eta heriotzen atalean 1962-1968 eta 1968-1975 epealdiei dagozkien datuetan dugun beste hutsune baterako: urte horietako datuetan ez da biltzen Nafarroa Behereko Erango udalerriko emaitzarik, jatorrizko iturrian hutsune hori zegoen eta. Dena den, eta aurreko kasuan bezala, horrek ez du eraginik Euskal Herriko emaitzetan, udalerri horrek 108 biztanle besterik ez baitzituen 1999. urtean.


2.3.  Herrialdeak

Euskal Herrirako egin berri dugun oharrak, noski, Arabako, Bizkaiko eta Nafarroa Behereko datuei ere eragiten die, batzuetan herrialde horiei buruzko datuek ez baitute biltzen Trebiñoko, Argantzungo, Villaverde Turtziozko eta Erangoko informaziorik.

Bestalde, esan dezagun, gure ahalegina ahal zen kasu guztietan herrialdekako informazioa eskaintzea izan dela. Hori ez da beti posible izan, jatorrizko iturrian batzuetan ez baitzen eskaintzen herrialdekako emaitzarik. Hori gertatu zaigu hezkuntzaren atalean, hizkuntza eredu guztietan matrikulatutako ikasleen datuekin. Kasu horretan, zehazki, ezin izan da lortu herrialdekako emaitzarik Lapurdirako, Nafarroa Behererako eta Zuberoarako. Horren aurrean, informazioaren interesa eta garrantzia lehenestea erabaki dugu, eta Euskal Herriari zein herrialde  multzoei buruzko datuak eskaini ditugu.
 
Azken ohar bat herrialdeen inguruan: Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, herrialdeetako azalera kalkulatzeko udalerrien azaleraren batura egin dugu.


2.4.  Eskualdeak

Eskualdekako emaitzak ere aurkezterakoan erabilitako irizpidea honakoa izan da: Arabarako, Bizkairako eta Gipuzkoarako, EUSTATek erabiltzen duen eskualdekatzea oinarritzat hartu dugu, eta honako bi moldaketak egin dizkiogu: Arabako eskualde gisa hartu dugu Trebiñoko konderria, eta eskualde berezi horretan bildu ditugu Trebiño eta Argantzun; Villaverde Turtziozko udalerria, berriz, Enkarterriko eskualdean (eta Bizkaian) sartu dugu. Nafarroa Garairako, IENek erabiltzen duen eskualdekatzea bere horretan hartu dugu, eta Lapurdirako, Nafarroa Behererako eta Zuberoarako Euskaltzaindiak erabiltzen duena.
 

2.5.  Erabilitako izendegia

Kasu gehienetan eremuak izendatzeko Euskaltzaindiaren izendegia erabili dugu, eskualdeen kasuan izan ezik.
 
Lapurdiko, Nafarroa Behereako eta Zuberoako eskualdeen kasuan ere, euskaltzaindiaren izendegia erabili dugu. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskualdeetarako, berriz, EUSTATen izendegia erabili dugu, bi salbuespenekin: Deba Garaia eta Deba Beherea eskualdeak izendatzeko euskaltzaindiak onartutako aldaketa egin dugu, bi hauek Debagoiena eta Debabarrena bezala izendatuz. Azkenik, Nafarroa Garaiko eskualdeen izendegia IENetik jaso dugu.


2.6. Eremu ezberdinen informazioa bateratzeko prozedura eta zailtasunak

Datuek ahalbidetu diguten kasuetan, udalerri mailatik abiatu eta agregatuen bidez goragoko mailetara iritsi gara, lehenengo eskualdeetara, herrialdeetara eta, herrialdeen baturaz, Euskal Herriko datuetara. Informazioa bateratzerakoan, zehazki, herrialdeen mailara iristeko ez dugu arazo berezirik izan Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian. Bai, ordea, gainerako bost euskal herrialdeetan:
  • Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak inolako onarpen instituzionalik ez dutenez, ez da agertzen lurralde horiei buruzko informazio bateraturik INSEEren argitalpenetan. Horregatik, Pirinio Atlantikoen departamenduko udalerrikako informazioa hartu, Euskal Herriko udalerriak bereizi, udalerrikako informazioa jaso, eta horien gainean herrialdekako emaitzak batzea beste aukerarik ez dugu izan.
  • Arabaren kasuan, lurralde horretan lan egiten duten bi estatistika institutuek (EUSTAT eta INE) ez dute Trebiñoko konderriko informazioa Arabaren baitan biltzen: EUSTATek ez du ematen Arabako eskualde horri buruzko informazio estatistikorik eta INEk, berriz, Burgosko probintziaren baitan eskaintzen ditu datu horiek. Horregatik, eskualde horri buruzko informazioa INEren Burgosko estatistiketatik hartu, eta EUSTAT zein INEren Araba-ri buruzkoarekin batu dugu, posible izan den kasuetan, eta horrela, Araba osoari buruzko datuak sortu.
  • Bizkaiaren kasuan ere gauza bera egin dugu, Villaverde Turtzioz udalerriarentzat, bere emaitzak INEren estatistiketan Kantabriako probintzian bilatuz, eta Enkarterrikoekin batuz, horrela batu dugu, posible izan denean bederen, Bizkai osoari buruzko informazioa.
Azken batean, egindako lana, kasu askotan, puzzle bat osatzea bezalakoa izan da, zatikatuta dauden datuak batu eta antolatu behar izan baititugu.


3.  Daten irizpidea

3.1.  Irizpide nagusia: daturik gaurkotuena eskaintzea, eta horretarako, data ezberdinetako emaitzak elkartzea

Informazio estatistikoa lurralde bati eta data bati lotua azaltzen zaigu beti. Datari dagokionez, erabili dugun irizpide nagusia oso argia da: daturik gaurkotuena lortzen eta aurkezten ahalegindu gara beti. Hautu horrek, ordea, zailtasun berezi bat dakar berarekin. Euskal Herria hainbat administraziotan zatitua egotearen ondorioetako bat estatistika sistema bateratu bat ez izatea da. Eta horrek, besteak beste, estatistika operazioak data ezberdinetan egitea dakar. Adibidez, azken zentsua 1999. urtean egin da Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, eta 2001ean gainerako lau herrialdeetan.
 
Gauzak horrela, guk erabilitako irizpidea honakoa izan da: gune bakoitzean, argitaratuta dauden daturik berrienak eskaintzea, eta horiek guztiak bilduz Euskal Herrirako datua kalkulatzea. Horrelakoetan, tauletako izenburuetan data hurbilena ipini dugu. Horrela, adibidez, 2001. urteko datuak direla diogunean, Arabarako, Bizkairako, Gipuzkoarako eta Nafarroa Garairako horrela bada ere, Lapurdirako, Nafarroa Behererako eta Zuberoarako 1999. urteko datuak jasotzen ditugu. Dena den, horrelakoetan, irakurlea jakinaren gainean jartzen dugu taula, grafiko eta mapetako oin oharretan.
 

3.2.  Denbora bolaren inguruan

Orokorrean, irizpide nagusi bera erabili dugu serie luzeak eraiki ditugunean ere, hurbileneko datuak elkartzea, alegia. Dena den, salbuespen batzuk egin ditugu izenburuetan ipini ditugun datekin: ezberdintasunak Espainiako eta Frantziako estatuetan zentsuak egin ziren urteei dagozkiela kontutan hartuta, bi serieetako bat aukeratu dugu datuen aldikotasunari eustearren. Biztanleriaren pisua Hego Euskal Herrian handiagoa denez, zentsuak herrialde hauetan egin ziren urteak erabili ditugu tituluetan. Zehazki, honako urteetako emaitzak elkartu ditugu:

Taula eta grafikoetan agertzen den urtea
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa
1877
1877
1876
1887
1887
1886
1897
1897
1896
1900
1900
1901
1910
1910
1911
1920
1920
1921
1930
1930
1931
1940
1940
1946
1950
1950
1954
1960
1960
1962
1970
1970
1968
1975
1975
1975
1981
1981
1982
1991
1991
1990
1999
1996
1999
2001
2001
1999

Hona hemen denbora bolaren inguruko beste ohar bat, biztanleriaren bilakaeraren inguruan aurkezten den informazioari buruzkoa: denbora bolara eraikitzeko, Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroa Garaiko datuetarako, 1991 arte, gertatzezko biztanleria erabili dugu. 2001. urtean, zuzenbidezko eta gertatzezko biztanleriaren arteko bereizketa desagertu egiten da. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan zenbakitze bikoitzik gabeko biztanleria jaso dugu (Population Sans Doubles Comptes).

Europako datuetan, demografiako ataletan denbora seriea egin dugun kasuetan, berriz, erabilitako datuen urteak hauek izan dira:

Taula eta grafikoetan agertzen den urtea
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa
Europa
1950
1950
1954
1950
1960
1960
1962
1960
1970
1970
1968
1970
1982
1981
1982
1980
2001
2001
1999
2000


3.3.  Epealdien inguruan

Jaiotzen, heriotzen eta migrazioen gaietan bereziki, urte jakinei buruzko informazioa eskaini dugu batzuetan eta epealdien ingurukoa besteetan. Horrela egitearen funtsezko arrazoia argia da: informazio hori ezberdin aurkezten dutela herrialde batzuetan eta besteetan. Zehazki, Arabarako, Bizkairako, Gipuzkoarako eta Nafarroa Garairako urtez urte gertatutako jaiotza eta heriotzei buruzko datuak eskuratu ditugu. Lapurdirako, Nafarroa Behererako eta Zuberorako, berriz, zentsu arteko epealdietarako (1982-1990, 1990-1999...) soilik eskuratu ditugu datu horiek, ez urtez urte.
 
Ondorioz, Euskal Herri mailako datuak eskaini ahal izateko, honako bi bideak erabili ditugu:

  • Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan 1999tik geroztiko daturik ez dugunez, 2001. urteko Euskal Herri osoko jaiotzak eta heriotzak kalkulatzeko, herrialde horietan aurreko epealdian urtero batez beste izandako jaiotzak (edo heriotzak) batu dizkiegu gainerako herrialdeetako datuei.
  • Tasak kalkulatzeko eta bilakaera homogeneoki aztertu ahal izateko, ordea, alderantzizko bidea hautatu dugu, halabeharrez. Horrela, Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako datuak abiapuntu, gainerako herrialdeei buruzko datuak epealdi horietara egokitu ditugu, epealdian biltzen diren urteetako datuak batuz herrialde bakoitzerako, eta horrela epealdi bakoitzerako datuak sortuz (bai Euskal Herrirako tasak eta baita herrialdekako serie homogeneoak ere). Bestalde, 1999-2001 epealdirako Euskal Herrirako emaitzak aurkezterakoan, honako eragiketa egin dugu: 2000. eta 2001. urteetarako Arabari, Bizkaiari, Gipuzkoari eta Nafarroa Garaiari buruz ditugun emaitzei, Lapurdiri, Nafarroa Behereari eta Zuberoari buruz dugun daturik berriena erantsi diegu, 1990-1999 tartean urtean batez beste izandako jaiotza eta heriotzak batuz.
Jaiotza zein heriotza tasen eta migrazio saldoen kalkulua zehatzago azalduko dugu.


4.  Kategoriak bateratzeko eragiketak eta kalkuluak

Euskal Herrian diharduten lau estatistika erakunde publikoek neurketa modu ezberdinak erabiltzen dituzte batzuetan; adibidez, adin tarte ezberdinak, etxebizitzak sailkatzeko kategoria eta irizpide ezberdinak, hezkuntza sistema eta ikasketen sailkapen ezberdinak eta abar. Beraz, hauek guztiak banan-banan ikertu eta bateragarritasunerako aukerak aztertzea zein horretarako prozedurak zehaztea izan da gure lan nagusietako bat. Azal ditzagun, jatorrizko iturrietan erabilitako irizpideak bat ez zetozenean, datuak bateragarri egiteko egin ditugun eragiketa nagusiak.


4.1.  Biztanle kopuruaren kalkulua, zentsu arteko garaietarako

Zenbait tasa eta saldo kalkulatzeko, ezinbestekoa da data jakin batzuetarako biztanleriaren datua ezagutzea. Izan ere, berehala ikusi ahal izango dugun bezala, tasa eta saldo horien formulazioan, biztanleriaren datua beharrezkoa da. Informazioa epealdika eskaintzen denean ere, beharrezkoa da erreferentziazko biztanleria kalkulatzea.
 
Horrela, adibidez, 1962-1968 tarterako jaiotza tasak kalkulatzeko, jaiotzen kopuruaz gain, tarte horretan biztanleria zenbatekoa zen zehaztu behar izan dugu. Hauek izan dira horrelakoetan egindako kalkuluak: lehenengo, 1962. urtean Euskal Herrian bizi zen jende kopurua kalkulatu; ondoren kalkulu bera egin 1968. urterako, eta, azkenik, bi zifra horien batez bestekoa atera, epealdirako erreferentziazko biztanleria zehazteko.
 
Operazio hori egiteko, ordea, badugu arazo bat: ez dugu 1962. eta 1968. urteko biztanle kopuruari buruzko daturik. Zehazki, baditugu data horietarako Lapurdiri, Nafarroa Behereari eta Zuberoari buruzko datuak, baina ez gainerako herrialdeetakoak. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian urte horietan egon zitekeen biztanle kopurua kalkulatzeko, bilakaera linealaren hipotesia erabili dugu. Hots, herrialde horietan egindako zentsu hurbilenak hartu (1960 eta 1970koak) eta bi zentsuen arteko aldian, biztanle kopuruak linealki aldatu delako hipotesia aplikatu dugu. Horrela, eta darabilkigun adibidean, 1960. eta 1970. urteetako zentsuetako datuak hartu ditugu. Eta tarte horretan izandako biztanleri hazkundea denboran homogeneoki banatu izan balitz bezala, 1962 eta 1968ko biztanle kopurua kalkulatu dugu.
 
Urte jakin batean zentsurik izan ez denerako, eragiketa hori eginez kalkulatu ditugu  Hegoaldeko herrialdeetarako biztanleriaren datuak.


4.2.  Berezko Hazkundearen eta Jaiotza zein Heriotza Tasen kalkulua

Jaiotza eta heriotza tasak kalkulatzeko, honako formulak erabili ditugu:

Jaiotza Tasa = Jaiotakoak * 1000
Biztanleria


Heriotza Tasa =
Hildakoak * 1000
Biztanleria

Honela kalkulatu dugu epealdi jakin baterako biztanleriaren berezko hazkundea:
 

Berezko hazkundea = Jaiotza kopurua – Heriotza kopurua

Jaiotza eta heriotza tasak kalkulatzeko osagaiak, beraz, jaiotakoen, hildakoen eta biztanleen kopuruak dira. Biztanleriaren datuak, urte jakin horretan zentsurik egin ez bada, azaldu berri dugun bezala kalkulatu ditugu. Jaiotza eta heriotza kopuruei dagokienez, INSEEk, Lapurdirako, Nafarroa Behererako eta Zuberoarako zifrak epealdika eskaintzen dizkigu; hau da, zenbat haur jaio diren 1990 eta 1999 artean, adibidez; eta ez urtekako daturik; hau da, zenbat jaio eta hil diren 1996, 1997 edo dena delako urtean. Hegoaldeko estatistika erakundeek, berriz, urtekako datuak eskaintzen dituzte. Gauzak horrela, jaiotza zein heriotza tasak kalkulatzeko, informazioa epealdika antolatu dugu. Zehazki, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan egindako zentsuek ezartzen dizkiguten mugarrietara egokitu ditugu Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroa Garaiko datuak, herrialde horietan epealdi bakoitzerako jaiotakoen eta hildakoen kopuruak urtekako datuen baturaren bidez kalkulatuz.

Esan dezagun, azkenik, 1990-2000 epealdirako Europako herrialdeetako jaiotza eta heriotza tasak, jatorrizko iturrian (Nazio Batuen Erakundea) zetozen bi tasen batez bestekoa kalkulatuz egin ditugula, 1990-1995 eta 1995-2000 epealdietako tasen batez bestekoa, alegia.
 

4.3.  Migrazio mugimenduak

 
Epealdietako migrazio saldoen kalkulua egiteko, formulazio hau erabili dugu:

Migrazio saldoa = Biztanleriaren hazkundea – berezko hazkundea

 Berezko hazkundea, azaldu berri dugunez, jaiotzei heriotzak kenduz kalkulatzen da. Biztanleriaren hazkundea, berriz:

Biztanleriaren hazkundea = Epealdi amaierako biztanleria – epealdi hasierako biztanleria

Biztanleriaren zentsuko datu zuzenik ez dagoen garaietarako, biztanle kopuruak kalkulatzeko, lehengo irizpide bera aplikatu dugu hemen ere.
 

4.4.  Hezkuntza sistemaren sailkapena

Euskal Herriaren banaketa administratiboaren beste ondorioetako bat herrialde guztietan hezkuntza sistema berdina ez izatearena da. Bi estatutako araudia dela eta, ezberdinak dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan indarrean dagoen sistema, alde batetik, eta Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroa Garaian dagoena, bestetik. Horregatik, biak konparagarriak izan daitezen, UNESCOk erabiltzen duen sailkapena erabili dugu, eta horretara egokitu ditugu jatorrizko datu zatikatuak. Jarraian aurkezten dugun taulan, kategoriak nola bateratu ditugun azaltzen dugu:
 

UNESCOren sailkapena
Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa
(Frantziako Estatuko hezkuntza sistema indarrean)
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia
(Espainiako Estatuko hezkuntza sistema indarrean)
Gure sailkapena
Ikasmaila
Ikasleen adina
Ikasmaila
Ikasleen adina
Titulazio gabe
Diplomarik gabe
--
Analfabetoak, ikasketarik gabeak
--
Behe mailakoa


Lehen Mailako Hezkuntza
Lehen mailako zertifikatua (CEP)
<11
Eskolaurrea eta lehen mailako ikasketak
<12
Bigarren Mailako Hezkuntza I
Oinarrizko titulazioa (BEPC)
11-15
OHO, Eskola Graduatua, oinarrizko batxilergoa
12-16
Bigarren Mailako Hezkuntza II
Batxilergoa, Batxilergo profesionala (CAP, BEP, Bac Brevet Profes)
15-18
Bigarren mailakoak (Lanbide heziketa, Batxilerra, BBB eta UBI)
16-18
Goi mailakoa

Hirugarren Mailako Hezkuntza
Unibertsitate ikasketak 1.,2. eta 3. mailakoak (BAC +2, Diplôme de niveau superieur)
>18
Hirugarren mailako ikasketak, goi mailakoak eta unibertsitate ikasketak
>18



Aztiker & KAM Telekomunikazio Aholkularitza